Nola funtzionatzen dugu

Mintzapraktika egitasmoak aisialdiko jarduera dira. Mintzalagunak bospasei laguneko taldetan biltzen dira, astean ordubetez, kafetegian zein parkean. Elkartu eta euskaraz aritzen dira, eurek nahi duten gaiaren inguruan. Azken finean, lagunartean aritzen dira, giro atsegin eta hurbilean. 

Mintzapraktika taldeak kideen zaletasunak, adina, bizitokia eta ordutegiak kontuan hartuz sortzen dira. Horrela, parte hartzeko erraztasunak eman eta mintzalagunak euskaraz hitz egiteko eroso sentitzen dira. Hitz egiteaz gain, gustuko dituzten ekintzak egiten dituzte elkarrekin, hala nola lagun giroan paseatu, kirola egin, kafe bat hartu edo besterik gabe elkarren konpainia eta solasaldiaz disfrutatu!

Hiri handi, herri txiki, ingurune euskaldun edo ez hain euskaldunetan biltzen dira mintzalagunak. Egitasmo honen bidez, herriko euskaldunen sarean murgiltzen dira, lagunak egiten dituzte eta euskaraz hitz egiteko erraztasuna eta jariotasuna lortzen dituzte.

Aipatu bezala, talde bakoitza astean ordubetez biltzen da, gutxienez. Astean behineko hitzorduaz gain, mintzapraktika taldeetako kideek elkar ezagutzeko eta harremanen sarea zabaltzeko ekintza osagarriak antolatzen dira, hautazkoak beti ere: ikastaroak, irteerak, bazkari eta afariak, ikuskizunak… arratsalde eta asteburutarako sekulako planak!

Mintzapraktika egitasmoek ikasturteko iraupena izaten dute normalean, eta izen ematea urrian izaten da. Uda garaian atseden tartea izaten da, baina urteari amaiera borobila emateko, maiatza ekaina aldera MINTZA EGUNA izaten da, Euskal Herri osoko mintzalagunen jaia.

Azken finean, euskaraz bizitzeko giro eta lagun talde atsegina dira Mintzapraktika egitasmoak!

· HARREMANA ·

    1. Datuen arduraduna: Euskaltzaleen Topagunea
    2. Datuen helburua: Topagunearen egitasmo eta ekimenen berri bidaltzea.
    3. Datuen biltegia: Profesional Hosting-n ostatutako datu-basea
    4. Eskubideak: Zure informazioa mugatu, berreskuratu edota ezabatu dezakezu edozein unetan.

    + 81 = 84