Mintza Eguna

Euskal Herri osoko mintzalagunen jaia da Mintza Eguna. Maiatzaren bukaeran edo ekainaren hasieran izaten da, ikasturteari amaiera atsegina emateko, eta hiru helburu nagusi ditu:

  • Mintzalagunak mugimenduaren kide sentiaraztea, egitasmoa euren herritik harago bizirik dagoela erakutsiz.
  • Mintzapraktika mugimenduaren tamaina gizarteari erakustea.
  • Jaiaren antolaketaren baitan herriko mintzalagunak eta gainontzeko euskaltzaleak saretzea.

Mintza Eguna, irudiaLehen Mintza Eguna 2006an antolatu zuen Euskaltzaleen Topaguneak, Iruñean. Ordutik urteroko zita izan da, eta Euskal Herriko hainbat herritan ospatu da: Donostian, Getxon, Gasteizen, Arrasaten, Elizondon, Santurtzin, Elgoibarren, Murgian, Beran eta Atarrabian. Herri horietan euskara plazaratu eta jai giro ezin hobea sortzen da.

Mintzalagun, berbalagun zein mintzakide guztien jaia da Mintza Eguna, eta egitasmoetan parte hartzen duten kideek elkar ezagutu eta egun pasa ederra egiteko antolatzen da. Horretarako, egun osoko egitaraua izaten da. Herririk herri egokitzen den arren, honako ekintza hauek biltzen ditu normalean: hamaiketakoa, ibilaldi gidatua, kantu poteoa, herri bazkaria, bertsolariak eta erromeria. MINTZA EGUNA 2013

Gainera, bazkalostean esker emate ekitaldia izaten da. Mintzapraktika egitasmoetan borondatezko lanean aritu diren talde eta elkarteek mintzalagun guztien esker ona jasotzen dute, beren lanaren aitorpena egiteaz gain.

Mintzalagunen jaia mintzapraktika programak martxan dituzten eragile guztien arteko lankidetzari esker burutzen da. 

Hemen daukazue Santurtziko Mintza Egunerako berbalagunek prestatu zuten bideoa: