Zer da Mintzapraktika?

Mintzalagun, Berbalagun, Mintzakide, Solaskide, Solaslagun… herrien eta euskalkien arabera izen ezberdinak hartzen dituzte Mintzapraktika programetan parte hartzen duten kideek.

Baina zer dira Mintzapraktika programak? Euskaraz hitz egiteko ohitura duten lagunak ohiturarik ez dutenekin elkartzen dituzten egitasmoak dira.  

1993an jarri zituen martxan, Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkarteak, lehen mintzalagun taldeak. Ordutik, milaka izan dira euskaraz bizi eta aritzeko hautua egin duten euskaldunak, eta gaur egun 6.000 lagun inguruk hartzen dute parte Euskal Herri osoan hedatutako egitasmoetan.

Soraluzeko berbalagunak

Aipatu bezala, bi motatako euskaldunak biltzen dira Mintzapraktikan. Batetik, euskaraz bizitzeko ohiturarik ez dutenak: egunerokoan beren inguruan hitz egiteko aukerarik ez daukatenak, euskara ikasten ari direnak, aspalditik euskaraz hitz egin ez eta jariotasuna berreskuratu nahi dutenak… Programak euskaraz aritzeko trebakuntza eta aukera ematen die parte hartzaile hauei.

Bestetik, euskaldun askok hizkuntzaren normalizazio prozesuari beren ekarpena egin nahi diote, zailtasunak dituzten euskaldunei elkarrizketaren bidez lagunduz. Eta, noski, badira lagun berriak egin nahi dituzten kideak ere, giro euskaldunean murgildu nahi dutenak. Mila arrazoi mintzalagun izateko!

Zein da zurea?