Aldaera bereziak

Ohiko mintzalagun taldeetaz gain, azken urteetan hainbat aldaera berezi sortu dira. Publiko edo interes zehatz bati zuzendutako taldeak dira. Gehiago edo gutxiago, herri gehienetan jarri dira martxan, eta ondorengoak dira:

GURASOLAGUNA

Seme alaba txikiak dituzten gurasoei zuzendutako aldaera da. Normalean ikastetxeko gurasoak biltzen ditu, eta haurrak direla eta euren ordutegi edo zaintza beharretara egokituta dago. Etxeko hizkuntza ohitura eta transmisioan eragiteko aldaera da, guraso euskaldunak harremanetan jarrita eta haurrekin jolasteko tresnak eskainiz. Gurasoak mintzalagun taldean dauden bitartean umeen zaintza bermatua egoten da, eta askotan ume eta gurasoen arteko ekintzak antolatzen dira.

HIKALAGUNA EDO EUSKALKILAGUNA

Herriko euskalkian edo hika hitz egiteko mintzalagunaren aldaera da. Euskara ikasleak, ikastolan ikasitako gazteak edo herrira beste nonbaitetik etorritako mintzalagunak biltzen dira bereziki talde hauetan.

MINTZAKUADRILLAK Gasteizko Gaztelagunak

18 eta 24 urte bitarteko mintzalagun gazteak biltzen dituen aldaera da. Gazteek gazte giroan murgildu nahi izaten dute normalean, eta bereziki eurei zuzendutako ekintzak izaten dituzte, argazkian ikusi daitekeen surf ikastaroa esate baterako. Ohiko mintzalagun taldeak eta lagun talde naturalak egoten dira. Informazioa: http://mintzakuadrillak.eus/

MENDI TALDEAK

Herri askotan egonkortu diren taldeak dira. hilabetean behin mendira joateko elkartzen dira, eta askotan mintzalagun talde arruntetan ere hartzen dute parte. Euskaraz hitz egiteko gogoa eta mendirako zaletasuna, biak bat eginda elkartzen dira aldaera honetan. Bestelako kirol taldeak ere hedatu dira mintzalagunen artean, hala nola bizikleta taldeak edo pala taldeak.

MINTZANET (Online bidezko mintzapraktika)

Etxetik mintzapraktika lantzeko programaren online bidezko aldaera da. Diasporan dauden euskaldunekin hitz egiteko aukera ematen du, Skype izeneko programa erraz baten bidez. Horretarako, ordenagailua, internet eta mikrofono bat behar dira. Telefono edo bideo konferentzia moduan erabili daiteke, eta aurrez aurreko taldeetan batzeko arazoak dituzten lagunentzat aukera egokia da. Donostiako Maramara zerbitzu taldeak koordinatzen du Mintzanet egitasmoa. 

MINTZODROMOA Getxoko berbodromoa

Azken urteotan herri askotan antolatu dituzte mintzodromo edo berbodromoak. Euskararen egunaren bueltan zein herriko jai egun berezietan antolatzen dira, eta ordu batzuetako iraupena izaten dute. Euskara kalera ateratzea eta euskararen erabilera indartzea dira berbodromoen helburuak. Egitasmo honek euskaldunak mahai txikien bueltan elkartzen ditu. Talde bakoitzean lau bat lagun egoten dira, berriketa lasaian kafea hartuz eta interes orokorreko gaiei buruz hitz eginez. Gai baten eta bestearen artean, parte-hartzaileak mahaiz mugitzen dira mintzakidez ere aldatuz.