Pintxopotean abiatu dute Mintzalagunek  aurtengo kanpaina

Egin jauzi! horixe da egunotan mintzalagunek lau haizetara zabaltzen ari diren mezua Euskal Herriko 22 herri eta eskualdetako pintxopoteetan elkartuta. Euskaraz lagunartean, modu eraginkorrean eta giro ezin hobean aritzeko gonbitea da.

Beraiek ere egin zuten jauzi egun batez: euskaraz bizitzeko nahiagatik edo inguruan jende euskaldun gehiago izateko gogoak bultzatuta gehienek. Izan ere, mila arrazoi daude jauzi egiteko: bidean aurrera jarraitu nahi duzulako; zure beldurrei aurre egiteko,eskuraezina dirudien hori lortzeko, garaiz iritsi nahi duzulako, bat gehiago izateko, ospatzeko, jolasteko, oztopo bat saihesteko, edo oztopoa jolas bihurtu duzulako.

 

Mintzapraktika 2018-2019

Mintzapraktika 2018-2019

Mintzapraktika 2018-2019

Etxetik kalera bi jauzitan

Baina inor inoiz ez da damutu une egokian jauzi egin izanaz: hogeita bost urte bete dituzte mintzalagunek astero 120 herritan elkartuz, elkarrekin euskaraz egiteko. Mila taldetik gora dira martxan eta, gaur egun, mintzalagunen sarea 6000 lagun baino gehiagok osotzen dute. Horiek guztiek, une batean, jauzi egin zuten: etxeko bakardadetik taldeko girora lehendabizi eta, taldeko konplizitateaz, kaleko erabilerara gero.

Mintzapraktika 2018-2019

 

Aurtengo ikasturtean, gainera, aukera bikaina izango dugu taldetik kalerako jauzi hori emateko: Euskaraldia. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra beste milaka  belarriprest eta ahobizirekin batera elkartuko gara, euskaltzale guztiok batuko gaituen erronka batean. 11 egunez, euskaraz arituko da Euskal Herria! Herri, auzo, familia, lantegi askotan euskaraz aritzen hasteko lehen pausoa izango da. Jauzi handi bat emango dugu elkarrekin, euskaraz bizitzeko.

Mintzapraktika 2018-2019

Egin jauzi eta eman izena

Euskaraz gehiago hitz egitea nahi baduzu, edo euskaraz hitz egiteko gaitasuna landu nahi dutenei laguntzea, egin jauzi! Mintzapraktika bospasei laguneko taldetan elkartuta egiten da eta parte hartzeko bi baldintza bete behar dira:  euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko prest egotea.

Mintzapraktika 2018-2019

Adiskide giroan arituko zara hizketan eta pixkanaka somatuko duzu mintzapraktikaren efektua: kalean ere imajinatzen ez zenuen hamaika pertsonekin hasiko zara euskaraz hitz egiten.

Izan ere, esperientziak erakutsi digu hizkuntza bat bidelagunekin batera ikasten bada, orduan indartzen dela haren erabilera. Ba al zenekiten? Mintzalagunek herriz-herri egiten duten lanari esker, euskal hiztunak ugaritzen dira, harreman sare berriak sortu eta euskaraz aritzeko gune berriak irabazi.

Mintzapraktika 2018-2019

Mintzapraktika egitasmoetan izena emateko aukera eta informazioa herri edo eskualdeko euskara elkartean, euskaltegian, Udalean edo www.mintzalaguna.eus gunean duzu eskura.

Eskatzen duena baino gehiago ematen duelako bueltan, 6000 mintzalagunek baino gehiagok jauzi egiten jarraitzen dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>