“Mintzalaguna naiz eta harro nago”

Gasteizko Ruth Ibañez mintzalagunak gutun irekia idatzi digu, bere esperientziaren berri emanez:

Mintzalaguna programan orain dela urte eta erdi sartu nintzen, pasa den urteko udan. Uztaileko eguraldi kaxkarrak bultzatu ninduen zerbait berria bilatzera; igerilekura ezin nintzen joan, lagun guztiak lanean zeuden eta ni oporretan baina Gasteiztik ezin atera nengoen, nazka-nazka eginda.

 

Programari buruz gauza onak besterik ez neukan entzunda, baina laudorio gehiegirik gabe. Jende ezezagunekin euskaraz hitz egitea da gauza, astero ordu batez elkartu kafe bat hartzeko, hori da guztia, esaten zidaten. Ni apuntatu nintzen, kuriositatez. Astean ordu bat libre banuen, eta oporretan gehiago. Gainera, udako taldea zen, gustuko ez banuen bertan behera uztea besterik ez nuen. Aurpegi berriak ikusi nituen lehenengo bilera horretan, baita ezagun batzuk ere. Animatu nintzen. Eta esan dezaket azken urteetan hartu dudan erabaki onenetarikoa bat izan dela.

 

Ez dakit nire taldea ohiko talde bat den edo gu bereziak garen, hortik entzun dudanagatik agian gu desberdinak gara. Hasteko, ez gara kafe bat hartzeko geratzen, poteatzeko baizik, eta asteko ordu bakar hori (lehenengo asteetan bakarrik errespetatu genuena) hiru ordu luze bihurtu egin da. Aitzakia euskaraz egitea da, eta betetzen dugu (batzuentzat, euskaraz egiteko daukaten aukera bakarra gure asteroko hitzordu hori da), baina zerbait gehiago dago gure artean. Mintzalagunak izatetik lagunak izatera pasatu gara. Facebooken taldea egin dugu. Larunbatetan geratzen gara antzerkira joateko. Urtebetetzeak elkarrekin ospatzen ditugu, baita bizitzako momentu bereziak ere (familia eta lagun minentzat bakarrik diren ospakizun mota horiek). Irteerak antolatzen ditugu. Familiari buruz guztia dakigu. Hitz gutxitan, lagunak gara.

 

Pertsona guztien bizitza konplikatua da, eta ordutegia beti betetzen zaigu betebehar pilorekin. Guri ere bai. Baina berdin dio zer egin behar dugun, daukagun nekea, min edo gaixotasun. Astero ikusten elkar ikusten dugu, eguzki, euri edo elur. Nire astearteko hitzordua ez dut galtzen, nahiz eta orain beranduago joan behar naizen. Pintxopotea baino sakratuagoa da. Lagunekin elkartzea, egunean gertatutako guztia botatzea eta ordu pare batez (edo hiru, edo lau) mundua hor jarraitzen duela ahaztea terapeutikoa da. Mintzalagunak onak dira osasunerako, eta orain hotza hasten dela inoiz baino beharrezkoagoak dira. Benetan diotsuet, uste dut katarroa ere sendatzen dutela.

Egilea: Ruth Ibañez

Iturria: Hirinet

gasteizko mintzalaguna

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>